UPV/EHUko errektore izateko hautagaia

Eva Ferreira García

Erektore izateko hautagaia

Barakaldon jaioa, Eva Ferreira García Matematikan lizentziatua da UPV/EHUn, Probabilitate eta Estatistikako masterra New York Unibertsitateko Courant institutuan burutu zuen eta Ekonomiako doktore titulua UPV/EHUn lortu zuen. Ekonomia Aplikatuan katedraduna da 2005etik.

2021eko urtarrilaz geroztik UPV/EHUko errektorea da, kudeaketa-jarduera zabala eginez, eta askotariko barne- eta kanpo-akordioak lortu ditu. Horien emaitza nagusiak hemen azter daitezke.

Errektore izan aurretik, EHUko Ekonomia Gaietako eta Ikasketa Antolaketako errektoreorde (2004-2008), unibertsitate bereko idazkari nagusi (2009-2012) eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari (Unibasq, 2015-2019) izan da.

Oinarrizko ikerketa ildoak hainbat eremutan aplikatzen diren probabilitate eta estatistika metodoak dira, hala nola sendagaiek medikuntzan dituzten efektuen analisian, finantzen arrisku sistemikoaren ebaluazioan edo hautapen-alborapenak kristalezko sabai efektuan duen eraginean. Proiektu eta ikerketa-talde lehiakorrak zuzendu ditu urte luzez, eta dozenaka artikulu argitaratu ditu nazioarteko erreferentziazko aldizkarietan. Ikerketarako 5 seiurteko eta transferentziarako bat ditu, bai eta Docentiaz-en ebaluazio positiboa ere.

Eva Ferreirak ikerketa-egonaldiak egin ditu irakasle gonbidatu gisa Bath, Giessen edo Freiburg bezalako Europako unibertsitateetan, eta Brasilgo Sao Pauloko, AEBetako Louisiana State eta Indiako Ahmedabad unibertsitateetatik gonbidatu dute hitzaldiak emateko. Bost doktore-tesi zuzendu ditu, nazioarteko eta euskarazko tesiak barne. 

Irakaskuntzarako bokazio handia izanik,  kudeaketa-lanak egin arren, ikasturte akademiko guztietan eman ditu eskolak unibertsitatean sartu zenetik, eta, azken urteotan, zientzia-dibulgazioa sustatu du hainbat foro eta formatutan.
Eva Ferreirak pertsona idealistatzat du bere burua, oinak lurrean dituen arren. Berritzailea, eraginkorra eta erabakitzailea da, eta, aldi berean, enpatikoa eta solidarioa; aukera-berdintasunaren eta ezberdintasun sozialak zuzentzeko neurrien defendatzailea; argia eta nekaezina bada ere, bere posizioetan badaki jarrera gerturatzeak baliagarriak direla akordio handiak lortzeko garaian.

Garapen Iraunkorreko Helburuekin kontzientziatuta, unibertsitate-jarduera osoaren parte izatea lortu du, euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko 18. GJH barne.

Bere jatorri xumeaz eta familiaz harro, bi seme-alaben ama da, eta desberdinen arteko elkarrizketekin gozatzen du. Adiskidetasuna letra larriz balioesten du, aisialdian dantza egiten du, eta mendian edo itsasoan ibiltzea ditu maite.