Ana Rodriguez Larrad
Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea
izateko hautagaia
Ana Rodriguez Larrad (Vitoria-Gasteiz, 1974) Fisioterapian diplomaduna (1996) eta graduatua (2013) da, eta (2015) Osasun Publikoan eta Medikuntza Prebentiboan Doktorea, UPV/EHUn. Gaur egun Fisiologia Saileko irakasle agregatua da Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean.
1996an, fisioterapeuta gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta 15 urtez jardun zuen jarduera klinikoan, bai eremu publikoan, bai pribatuan, batez ere neurologia eta onkologia arloetan. Nabarmentzekoa da Aita Menni Kalte Zerebraleko Unitatean (Arrasate) eta Nafarroako Ospitale Guneko Ubarminen (Osasunbidea) egindako lana, azken honetan fisioterapeuta plaza finkoa lortu baitzuen. 2007tik aurrera, fisioterapeuta gisa egindako jarduera klinikoa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle elkartu gisa egindako lana bateratu zituen, 2012an UPV/EHUn jardun osoko arduraldiarekin hasi zen arte. Bertan, Fisioterapiako Gradua eta honako Master hauetan ematen ditu eskolak: Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea, Ikerketa Biomedikoa, eta Osasunaren Sustapena eta Osasun Komunitarioa, baita Esperientziako Geletan ere. Horrez gain, UPV/EHUko Etika Batzordeko kidea da
Ageing On ikerketa taldeko kidea da, eta populazio zaurgarrien osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko tresnen garapenean aritzen da. Diziplina anitzeko lankidetza-proiektuetan parte hartzen du, ezagutza-arlo nagusietako profesionalak biltzen dituztenak. Era berean, proiektuetan modu iraunkorrean lankidetzan dihardu bio-osasun, teknologia eta gizarte sektoreko erakunde, enpresa eta beste eragile batzuekin. Nazioarteko egonaldiak egin ditu Schio Ospitalean (Italia), Swansea Unibertsitateko Bioscience Sailean (Erresuma Batua), eta Arkansas Unibertsitateko Adaptive Neural System Laborategian (AEB).
Ibilbide zientifikoan zehar, 4 estatu mailako proiektuetan, 20 autonomia mailakoetan eta 15 kontratu eta hitzarmenetan parte hartu du erakunde publiko zein pribatuekin; horietako 8tan ikertzaile nagusia izan da. Nazioarteko aldizkarietan argitaratutako 50 artikulu baino gehiagoren egilea da (30 Q1) eta baita ere 2 liburu, 6 kapitulu eta nazioarteko kongresuetako 50 komunikazioena. 8 doktore-tesi (horietako 2 nazioartekoak, eta bat ohorezko sariarekin aitortua), 16 Master Amaierako Lan eta 24 Gradu Amaierako Lan zuzendu ditu. Seiurteko 1 (2013-2018), 2 bosturteko (2007-2015 eta 2016-2020) aitortuak ditu eta Docentiaz-en ebaluazio positiboa (2014-2019). Gainera, zientziaren dibulgazio lanak egiten ditu gizartean, irratian (La mecánica del caracol), telebistan (Teknopolis) eta Zientzia Astea edo Europako Ikerlarien Gaua bezalako ekitaldietan egindako elkarrizketen eta ekintzen bidez.
Aire zabaleko jarduerez gozatzea gustoko du, hala nola nabigatzeaz eta mendian ibiltzeaz; baita sukaldaritza eta konpainia onean solasaldi pizgarriak izatea ere.